INGURUNEA - CIN - Ochagavía/Otsagabia

Iratiko oihana

Arbantako errekatik, Luzaiden, Orhi mendira arte (2.019 metro), Iratiko oihanak 17.000 hektareak ditu. Mendebaldeko Pirinioetan gaude, erdi-mailako mendiaren eta goi mendiaren artean.

Zergatik da berezia? Mendebaldeko Europako oihan handienetako eta ongien kontserbatuenetako bat delako. Pagoa da zuhaitz nagusia; hala ere, oihanaren ekialdean, izei zuria ere bada, Europa hegoaldeko pagadi-izeidi bikainenetako bat. Oihan heldua da, ongi kontserbatua eta askotariko zuhaitzekin, bereziki Lizardoiko erreserba integralean eta Mendilatz eta Ariztibarrena natura erreserbetan: milaka kolore hartzen ditu udazkenean, eta ikuskizun zoragarria da.

Oihan horietan babesa hartzen dutenen artean daude okil gibelnabarra (galzorian den okil espezie bat), ehun ale baino gutxiago dituena bertan, bai eta beste zenbait espezie mehatxatu, halanola ugatza, eper grisa eta desman piriniotarra: azken hori satorren familiako ugaztun txiki bat da, eta erreka garbi eta gardenetan bizi da.

Iratin, horrez gain, urtxintxak, saguzarrak, lepahoriak eta oreinak ere bizi dira: azken horien kasuan, araldian dauden arrek oihaneko lasaitasuna hausten dute udazkenean, orroka. Oihana zeharkatzen duen Irati ibaia Urtxuria eta Urbeltza elkartzen diren tokian jaiotzen da, Elurretako Amaren ermitaren ondoan. Sakan eta erreketako emariak jasotzen dituzten ur hotzetan bizi dira amuarrainak, barboak eta loinak; gainera, martin arrantzaleak eta ur zozoak elikagaiak bilatzen dituzte bertan. Kondairen arabera, lamiak eta Basajauna ere bertan bizi dira.

Ezagutu Nafarroako naturagune guztiak